2007/04/23

Hauteskundeetan izango gara!

Orain bi aste, Urretxuko herritarrak deitu genituen Euskal Herriko prozesu demokratikoaren alde eta hauteskunde demokratikoak egin ahal izateko aukera berdintasunaren alde egin zezaten. Horretarako, datozen udal eta foru hauteskundeetan Ezker Abertzaleak parte hartu ahal izateko abiatutako sinadura bilketarako deialdia zabaldu genuelarik.
Orain, sinadura bilketarako epea amaiturik, Urretxuko ezker abertzaletik esan dezakegu lehen helburua bete dela, goitik gainera. 354 sinadura bildu dira Urretxun bost egunetan. Mila esker eta ZORIONAK beraz sinatu duen urretxuar orori!!
Bildutako sinadura bakoitzak balio handia du, herri honetan zinezko hauteskunde demokratikoei ateak irekitzeko balio duelako eta gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen soluzioen prozesuari ateak zabaltzeko bultzada izan direlako, inongo zalantzarik gabe.
Gu guztion sinadurarekin bai esan diogu soluzioen prozesuari, bai herriaren hitza eta erabakiari, bai bakean eta askatasunean eraiki beharreko aro berri bati.
Baina bada halakorik nahi ez duenik ere. Aurreko astean, Estatuko Fiskaltzak herriz herri osatzen ari diren ezker abertzaleko hautesle elkarteak legez kanpo uzteko eskaria aurrera eramango duela iragarri zuen, Alderdien Lege zentzugabeari eutsiz. Zertan lagunduko dio prozesuari Ezker Abertzaleari partehartze demokratikoaren ateak ixteak? Iruzurrean eta herri borondateari iseka egitean oinarritutako hauteskundeek zein ekarpen egiten diote gatazkaren konponbiderako prozesuari?
Urretxuko ezker abertzaletik hauteskundeetan parte hartzeko dugun asmoa eta herriarekiko konpromisoa publikoki zabaldu nahi dugu lau haizetara, horretarako dugun borondate, gogo, ilusio eta indarra geldiezinak direlako.
Azken lau urteko egora berdinean egoterik onartzen ez dugulako. Une politikoaren transzendentzia ikaragarria delako. Prozesuak piztu duen expektatiba soziala itzela delako. Gure herria aldaketa politikoaren gose delako. Prozesua fase erresolutiboan bete-betean sar daitekeelako eta gatazkaren konponbidea hatz-punttekin ukitzen delako.
Hauteskundeetan izango gara, Urretxuko herriarentzako proiektua badugulako. Urretxuko Ezker Abertzalea herrigintzan lan egiten duen multzo sozial zabal eta konprometituaz osaturik dagoelako, emakume, gizon, gazte eta heldu. Azken lau urteetako etxeko lanak ongi eginak ditugulako. Orain arteko udal politikaren modu klientelista, porlanaren errejimen eta espekulazioarekin amaitu nahi dugulako. Orain arteko politiko kazikeen alternatiba garenaz konbentzituta gaudelako. Urretxuarrek udaletxearenganako konfidantza galdua berreskura dezaten lan egin nahi dugulako. Urretxuko herria eta herritarren alde lan egiteak merezi duelako.
Urretxuko Ezker Abertzalea osatzen dugunok, gogotsu eta indarberrituta bueltan gatoz. Badugu datozen lau urteetarako lan tresna: Urretxu eta Zumarragako Herri Diagnosia. Diagnosi honetan, bi herriotako eredu soziala, eredu fisikoa, euskara eta kultura izan ditugu aztergai, Urretxu eta Zumarragako herrigintzan aritzen den talde eta agente esparru zabal baten partehartzearekin bi hilabetetan zehar, bi herriotako ikuspegi bateratutik eginiko aurrekaririk gabeko lana burutu dugularik.Gure asmoa da orain bi herriotako Herri Diagnosia zabaldu eta sozializatzea. Datozen lau urteetarako lan tresna izan dadin. Udal berri batean sinisten dugulako. Hori da gure erronka.

No hay comentarios: