2007/04/23

Hauteskundeetan izango gara!

Orain bi aste, Urretxuko herritarrak deitu genituen Euskal Herriko prozesu demokratikoaren alde eta hauteskunde demokratikoak egin ahal izateko aukera berdintasunaren alde egin zezaten. Horretarako, datozen udal eta foru hauteskundeetan Ezker Abertzaleak parte hartu ahal izateko abiatutako sinadura bilketarako deialdia zabaldu genuelarik.
Orain, sinadura bilketarako epea amaiturik, Urretxuko ezker abertzaletik esan dezakegu lehen helburua bete dela, goitik gainera. 354 sinadura bildu dira Urretxun bost egunetan. Mila esker eta ZORIONAK beraz sinatu duen urretxuar orori!!
Bildutako sinadura bakoitzak balio handia du, herri honetan zinezko hauteskunde demokratikoei ateak irekitzeko balio duelako eta gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen soluzioen prozesuari ateak zabaltzeko bultzada izan direlako, inongo zalantzarik gabe.
Gu guztion sinadurarekin bai esan diogu soluzioen prozesuari, bai herriaren hitza eta erabakiari, bai bakean eta askatasunean eraiki beharreko aro berri bati.
Baina bada halakorik nahi ez duenik ere. Aurreko astean, Estatuko Fiskaltzak herriz herri osatzen ari diren ezker abertzaleko hautesle elkarteak legez kanpo uzteko eskaria aurrera eramango duela iragarri zuen, Alderdien Lege zentzugabeari eutsiz. Zertan lagunduko dio prozesuari Ezker Abertzaleari partehartze demokratikoaren ateak ixteak? Iruzurrean eta herri borondateari iseka egitean oinarritutako hauteskundeek zein ekarpen egiten diote gatazkaren konponbiderako prozesuari?
Urretxuko ezker abertzaletik hauteskundeetan parte hartzeko dugun asmoa eta herriarekiko konpromisoa publikoki zabaldu nahi dugu lau haizetara, horretarako dugun borondate, gogo, ilusio eta indarra geldiezinak direlako.
Azken lau urteko egora berdinean egoterik onartzen ez dugulako. Une politikoaren transzendentzia ikaragarria delako. Prozesuak piztu duen expektatiba soziala itzela delako. Gure herria aldaketa politikoaren gose delako. Prozesua fase erresolutiboan bete-betean sar daitekeelako eta gatazkaren konponbidea hatz-punttekin ukitzen delako.
Hauteskundeetan izango gara, Urretxuko herriarentzako proiektua badugulako. Urretxuko Ezker Abertzalea herrigintzan lan egiten duen multzo sozial zabal eta konprometituaz osaturik dagoelako, emakume, gizon, gazte eta heldu. Azken lau urteetako etxeko lanak ongi eginak ditugulako. Orain arteko udal politikaren modu klientelista, porlanaren errejimen eta espekulazioarekin amaitu nahi dugulako. Orain arteko politiko kazikeen alternatiba garenaz konbentzituta gaudelako. Urretxuarrek udaletxearenganako konfidantza galdua berreskura dezaten lan egin nahi dugulako. Urretxuko herria eta herritarren alde lan egiteak merezi duelako.
Urretxuko Ezker Abertzalea osatzen dugunok, gogotsu eta indarberrituta bueltan gatoz. Badugu datozen lau urteetarako lan tresna: Urretxu eta Zumarragako Herri Diagnosia. Diagnosi honetan, bi herriotako eredu soziala, eredu fisikoa, euskara eta kultura izan ditugu aztergai, Urretxu eta Zumarragako herrigintzan aritzen den talde eta agente esparru zabal baten partehartzearekin bi hilabetetan zehar, bi herriotako ikuspegi bateratutik eginiko aurrekaririk gabeko lana burutu dugularik.Gure asmoa da orain bi herriotako Herri Diagnosia zabaldu eta sozializatzea. Datozen lau urteetarako lan tresna izan dadin. Udal berri batean sinisten dugulako. Hori da gure erronka.

2007/04/20

354 urretxuarren sinadura!

Urretxuko ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan parte hartu ahal izateko abian jarritako sinadura bilketari 354 urretxuarrek erantzun diote.
Mila esker eta ZORIONAK denori!!

2007/04/12

astelehena 16, denok sinatzera!

Gure esku ez dauden arrazoiengatik (udal idazkaria oporretara joan da), udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleak parte hartu ahal izateko Urretxurako deituriko sinadura bilketa ez dela datorren astelehenerarte hasiko, hilak 16, jakinarazi nahi dizugu.
Gogoratu, sinadura bilketa Urretxuko udaletxean egingo dela, goizeko ordutegia, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 14:00tara izango delarik. Arratsaldez ordea, astearte eta ostegunetan bakarrik egin ahal izango da 16:00tatik 18:00tara.
Eskatzen diren sinadurak bi dira, bata Urretxuko Udalarako eta bigarrena Gipuzkoako Foru Aldundirako.
Urretxun, sinadurak biltzeko epea apirilaren 19rako, osteguna, amaitu nahi da. Hala ere, ez utzi azken egunerako eta astelehenan zoaz sinatzera.
Zure partehartzea ezinbestekoa zaigu. Mila esker!

2007/04/11

DENOK SINATZERA!



PROZESUAREN ETA HAUTESKUNDE DEMOKRATIKOEN ALDE

Udal eta foru hauteskundeetan parte hartu ahal izateko Urretxuko ezker abertzaleak sinadura bilketa hasiko du bihartik aurrera (apirilak 12, osteguna).
Euskal Herriko prozesu demokratikoa bideragarria izan dadin, hauteskunde demokratikoak egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Eta hauteskunde demokratikoak egin ahal izateko, aukera berdintasuna beharrezkoa da.
Horretarako, milaka sinadura beharko dira eta urretxuar eta euskal herritar guztiei eskatzen diegu sinadura eman dezaten.
Urretxun, sinadurak biltzeko epea apirilaren 12an, osteguna, hasiko da eta apirilaren 19rako, osteguna, amaitu nahi da.
Sinadura bilketa Urretxuko Udaletxean egingo da, goizeko ordutegia, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 14:00tara izango delarik. Arratsaldez ordea, astearte eta ostegunetan bakarrik egin ahal izango da 16:00tatik 18:00tara.
Eskatzen diren sinadurak bi dira, bata Urretxuko Udalarako eta bigarrena Gipuzkoako Foru Aldundirako.
Deialdi berezia egiten da apirilaren 12rako, osteguna, sinadura bilketa ahal bezain lasterren egin ahal izateko.

2007/04/01

Aberri Eguna 2007

Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku lelopean egingo da Aberri Egunerako alderdi abertzaleak batzea lortu duen ibilaldia. Herritar talde batek deituta Irundik Hendaiara egingo da oinezko martxa apirilaren 8an, igandea.
Batasunak, ABk eta Aralarrek dei berezia egin diete herritarrei martxan parte hartzeko. EAJ eta EA ordezkaritza bidaltzera mugatuko dira. Gainera, EAE-ANVk, ELAk eta LABek ere bat egin dute deialdiarekin.
Martxa 11:30ean abiatuko da Irungo Ficoba-tik eta Hendaiara iritsitakoan ekitaldi politikoa egingo dute bertan.
Urretxu eta Zumarragako ezker abertzaleak antolaturik, autobusa izango da Aberri Egunera joateko.
Autobusa goizeko 10tan irtengo da Urretxutik, Goierriko plazatik.
Era berean, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, itzuleran bazkaria egingo da Santa Barbaran.
Autobuserako, zein bazkarirako izen ematea zabalik dago jada.

2007/03/24

BADATOR UDABERRIA, badator euskal herri berria!

Urretxu eta Zumarragako ezker abertzaleak antolaturik, autobusa izango da martxoak 31, larunbatean BECen ezker abertzaleak deitutako ekitaldi nazionalera joateko.

Autobusa arratsaldeko 4tan irtengo da Urretxutik, Goierriko plazatik.

Autobuserako izen ematea zabalik dago jada.

2007/03/23

Urretxu eta Zumarragako diagnosia aurkeztu zen Labeagan


Hilaren 22an, Urretxu eta Zumarragako ezker abertzaleak elkarlanean buruturiko bi herriotako diagnosiaren aurkezpen publikoa egin zen Urretxuko Labeaga Aretoan bildutako laurogei pertsonen aurrean.
Honela, Urretxu eta Zumarraga herrietako eredu soziala, eredu fisikoa, euskara eta kultura ataletan zehaztutako lan ildoak aurkeztu ziren. Diagnosi fasean talde eta agente esparru zabalaren parte hartzea azpimarratu eta hurrengo fasean, udal hauteskundeetarako herri programa zehazteari ekingo zaiola aurreratu zen, ekarpen berrietarako aukera zabaltzen zelarik, ezker abertzaleak Urretxuko herriarentzako proposamen estrategikoak zehaztu nahian.
Bide batez, udal hauteskundeetarako Urretxuko ezkerreko eta abertzale jendearen errepresentazio sendo bat udaletxean eduki ahal izateko pausoen berri eman zen ere.
Bildutako jendea aprobetxatuz, Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko hausnarketa egin eta bake prozesuaren berri eman zen.
Azkenik, bake prozesuaren alde eta ,hauteskundeak gertu, herri honen alde lan egiteko gonbitea eta deialdia egin zen bildutako jendearen aurrean.
Amaitzeko, jendeari deialdia luzatu zitzaion larunbatean, martxoak 31, ezker abertzaleak BEC-en antolaturiko ekitaldira joateko.


2007/03/14

DIAGNOSI AURKEZPENA

Urretxu eta Zumarragako ezker abertzaleak elkarlanean buruturiko bi herriotako diagnosiaren aurkezpenera gonbidatu nahi zaitugu.

Urretxu eta Zumarraga herrietako diagnosi honetan, eredu soziala, eredu fisikoa, euskara eta kultura atalak izan ditugu aztergai. Horretarako, gai bakoitza jorratu ohi duen talde eta agente esparru zabal baten partehartzearekin lan egiteko aukera izan dugularik.

Ondorio fasera iritsiak, gure asmoa da diagnosi honen fruituak zuri aurkeztu eta ezagutaraztea, gaiaren inguruan ekarpen berriak egiteko aukera zabalduz.

Orain eta aurrera begira, Urretxuko ezker abertzaleak landuko dituen gaien lan ildoak eta Urretxuko herriarentzako proposamen estrategikoak zehaztu nahi ditugu modu honetan.

Bestalde, udal hauteskundeak gainean direla eta bertan Urretxuko ezkerreko eta abertzale jendearen errepresentazio sendo bat udaletxean eduki ahal izateko pausoak ematen ari gara eta nola doazen jakin araziko dizuegu.

Beraz, zure partehartzea ezinbestekoa zaigu.